Iritzia

Artikuluak

EGIAN EUSKARAZ

Lutxo Egiak hasitako bideari jarraitu diote Donostiako Egia auzoan: euskara hutsean bizitzeko ahalegina egin dute berrehun lagunek baino geh...

Kategoriak

2016(e)ko martxoaren 14(a), astelehena

EGIAN EUSKARAZ

Lutxo Egiak hasitako bideari jarraitu diote Donostiako Egia auzoan: euskara hutsean bizitzeko ahalegina egin dute berrehun lagunek baino gehiagok, astebeteko txandatan. Larunbatean amaituko da egitasmoa, Egia Euskaraz egunean, eta beren esperientziak bilduko dituzte.
Berria, 2016-martxoa-10:
http://www.berria.eus/paperekoa/1812/038/001/2016-03-10/nork_darama_zama_bizkarrean.htm
Egian Euskaraz bizi nahi dugulako:
https://egianeuskaraz.wordpress.com/
Egitasmoan parte hartu duten lagunetako lau, Egian.
Euskaraz bizi nahi duenak badu halako pisu astun bat soinean, nahi edo ez nahi, euskararekin batera beste hizkuntza bat ere badagoelako lurralde berean...Eta ez zaio hain erraza euskaldunari bere hizkuntza nahi adina erabiltzea...
Batek baino gehiagok uste zuen oso euskalduna zela. Euskaraz egiten zuela ia bizimodu guztia. Baina astebetez horretara jarri ostean, konturatu dira ez dela horrela. «Normalean familian, bikote harremanean, eta lanean euskaraz egiten dut, baina oso erraz aldatzen dut erdarara...Andoni Altuna Trebeska dantza taldeko kideak honako hau ondorioztatu du: «Esperientzia horrek balio izan dit konturatzeko zenbat egoeratan egiten dudan erdaraz, euskaraz egin dezakedanean»...
Baina buruak kaleak baino oztopo gehiago jartzen dituela ohartu da Urrusolo: «Txipa aldatzea kostatu zait gehien, eta ez hain erraz erdarara jotzea. Baina ikusi dut uste baino errazagoa dela hainbat egoeratan euskaraz egitea...
 Euskaraz badakiten arren betidanik gaztelaniaz hitz egin duten pertsonekin egin zaie zailena euskaraz aritzea...

Posible da bi hizkuntzatan?
Euskaraz ulertu arren, hitz egiteko gai ez direnekin elkarrizketa elebidunak izatea posible dela frogatu dute. «Nik harakinarekin egiten dut euskaraz. Berak esplikatzen dizkit bere pena guztiak erdaraz; baina nik dena euskaraz esaten diot, eta berak galdetzen dit: 'Zerbait gehiago?' Kopurua eta horrelako hitzak esaten ditu euskaraz. Orain arte ez zuen hori egiten, eta hasi da gauzatxo batzuk euskaraz esaten. Eta niri aukera ematen dit nire hizkuntzari eusteko», esan du Gurutzeagak...
Baina espero ez zuten moduan, jarrera ona agertu dute ingurukoek: «Pentsatzen duzu beti jarrera ezkorra edo tentsioa sortuko duzula, baina ez da hori gertatzen», azaldu du Gurutzeagak...«Gauzak esateko modua inportantea da. Irribarre batekin baldin bada, besteak ez du sentituko eraso bat denik», erantsi du Gurutzeagak. Lauretako inork ez du erreakzio txarrik jaso astebeteko esperientzian...
Euskaraz ulertzen ez duen jendearekin asko korapilatzen da kontua. Amore eman daiteke? Baiezkoan da Urrusolo. «Hizkuntza komunikazio tresna bat da. Komunikazio hori hausten bada, ez du ezertarako balio nik nireari eusteak; ez da komunikaziorik egongo, eta hizkuntzak ez du zentzurik». Kasu horietan, kaixoagur, eskerrik asko eta halako hitzak solasaldian txertatzea garrantzitsua dela uste dute. Altunaren iritziz, modu horretan, «hizkuntzaren presentzia» ikusten dute erdaldunek...
Ez dakitenek euskara ikasteko pauso handia eman behar dute. Baina dakiten horiek erabiltzen badute, kutsatze prozesu bat gertatzen da...
Taldekako elkarrizketetan nola jokatu izaten da eztabaidaren beste adar bat, euskara ulertzen ez duen norbait dagoenean. Bornaetxeak uste du baten presentziak ez duela baldintzatu behar gainontzekoen joera. «Guztientzat zerbait esan nahi baduzu bai, baina taldeetan azkenean ez da beti denontzat hitz egiten. Eta berak ikusten badu zuk elkarrizketa berean bati euskaraz eta besteari gaztelaniaz egiten diozula, ez du uko egingo»...

Badaki edo ez daki?
Sarritan gertatzen da, norberak uste duela aurrean duenak ez duela euskara ulertzen. Eta kasu horietan, erosotasunaren alde egiten da: gaztelaniaz egiten da lehen hitza...Urrusolo konturatu da ez saiatzeagatik euskarazkoak izan zitezkeen zenbat solasaldi egin dituen gaztelania hutsean: «Askotan eduki dut parean euskalduna zen norbait, eta ez naiz konturatu ere egin euskalduna zela, ez dudalako euskaraz egin hasieratik...
Guztiak ohartu dira erdarara jotzeko ohitura dutela, eta, Bornaetxearen iritziz, hori onartzea da lehen pausoa. «Drogazalea zarenean, egin behar duzun lehenengo gauza da onartzea. Onartu gaztelaniaz hitz egiten duzula. Lasai, normala da, jende askori pasatzen zaio... Eta hortik aurrera hasi»...
Astebete horretan ikusi dute zer esfortzu eskatzen dien euskaraz bizitzeak, baina baita horrek zer ematen dien ere. «Proba egin, eta ondo ateratzen zaizunean, poz horrekin ateratzen zara, eta hurrengoan bizkar zorroa ez dago hain kargatuta...
Jende askok eta askotarikoak parte hartu du egitasmoan. Baina eragile guztiek ez dute euskararekiko harreman bera. Horregatik, larunbateko jaian egingo duten Kalakategiak funtzio jakin bat du: partaideek esperientziak partekatzea, eta beren beharrak zeintzuk diren azaltzea. Horrela, aurrera jarraitzeko oinarri bat izango dute antolatzaileek. Bigarren fasea etorriko baita orain: eragileen lanketa...Baina ez da larunbatean amaituko kontua, beste herri eta elkarte batzuek agertu baitute gauza bera egiteko interesa.



2015(e)ko urriaren 18(a), igandea

BA...BAI - 12. egunpasa

12 BA..BAI kide batu ginen atzo gure 12. topaketa egunean: Josune, Maria Luisa, Maribi, Ani, Marije, Juan Kruz, Mari Jose, Mari Karmen, Jon Etxebarria, Jon Gorroño, Fernan Bilbao, Fernando Garate.
Auzokoa tabernan alkartu ginen erdiak edo 12:00etan; gero Bakeder tabernara eta Arrien tabernara bidean besteak be agertuz joan ziren, dozenea osatu arte. Hori bai, tragotxoen artean kontu ugari izan zan gure artean. 
Harizpe txokora ordu biak inguruan iritsi ginen eta bazkaltzen hasi aurretik azken prestaketak egin genduzan: entsalada prestatu, ogia txikitu eta ardaua mahaira atera. Dana prest egoanean, mahaiaren inguruan Euskeraz bizi ta tinko / hango eta hemendiko / topa dagigun eta bakean / bizi gaitezen betiko abestuz emon geuntsan hasiera bazkariari: entsalada, mina piper gorriekaz, turroizko izozkia, palmeritak eta kafea.  Guzti honeri, bakoitzak gainezka geunkan umorea eta alkarregaz ondo pasatzeko gogoa gehituz, dana ondo: berbea ugari izan zan gure artean, umorea, ironia eta seriotasuna txandakatuz. Jan eta kafeak hartu bitartean bakoitzak bere ingurukoekaz ekin eutsan berbaz eta berbaroa etenbakoa eta animatua izan zan. 
Ondoren kontuak egin eta hurrengo topaketa eguneko zehaztasunak erabaki genduzan: zezeilaren/otsailaren 20an (egun horretan Berbalagunen txangoa egongo balitz 27an) Kolakañe txokoan edo Bake Leku txokoan.

Gero talde gogoeta eta elkarrizketari ekin geuntsan eta honelako kontuak erabili genduzan:
- Denda eta supermerkatuetan zerbitzari euskaldunek erosketaren kostua erderaz botatzen dabenetan, batek erabilitako estrategia: “zer?, zenbat esan dozu?….”
- Iruñan ume bati euskeraz egin eutsalako, haren amak agertu eutson esker ona kontatu eban beste batek.
- Kioskoan Berria egunkaria eskatzeagaitik edota berarekin ikusteagaitik izandako pozezko hitzak eta agurrak aipatu ebazan beste batek.
- Lutxo Egiak Bilbon izandako esperientzia (euskeraz baino ez egitea eta besterik ezean ingelesez) komentau gendun. Era guztietako erantzunak (positiboak eta negatiboak ere bai) izan  ei ebazan, baina bere asmoa jenteari euskeraz egiteko aukera emotea izan zala eta askok hori eskertu egin ei eutson; hori bakarkako esperientzia izan zala baina esperientzia kolektiboa izan beharko litzakela eta horretan eragiteko asmoa daukala be esaten eban Lutxok, bere esperientzia kontatzerakoan.  Horren harira lehenengo berbak beti euskeraz egitearen garrantzia azpimarratu zan, nahiz eta Bilbon izan; sorpresa atseginak izaten dira sarritan taldeko batek esan ebanez. 
- Sarritan kanpotarrek (oraingo etorkin berriek) bertokoek baino euskerarekiko jarrera hobea agertzen dabela be esan zan: dakiten apurra egin, iragarkiak euskeraz... Eta horren adibide konkretuak be emon ziran.
- Gure lagunartera jente gehiago gonbidatzeko posibilitatea be aipatu zan. Kasu honetan jadanik gagozanen eta barrien artean talde bi osotu beharko litzakezala komentatu zan, ostantzean egiten doguzan mahai inguru mamitsu eta atseginak izateko larregi izango ginalako. Eta esan zan baita be, ahal dala, topaketaren hasieratik danok egotea izango litzakela onena, inguruan dabiltzanek ikusi gagiezan eta zergaitik batzen garen jakin dagien.  
Seirak eta pikuan emon geuntsan amaiera gure txokoko topaketari, baina gehienok AMAMA filma ikustera joan ginen, holan gure egunpasari jarraipena emonez: filma danori gustatu jakun, urtekeran komentatu gendunez. Euskeraz be era askotako produkzio ona dago eta hori ikusteak poztu egiten gaitu eta aurrera egitera animatu.  
Gernikan, 2015eko urriaren 18an

2015(e)ko urriaren 10(a), larunbata

EUSPOZ - 13. EGUNPASA

2015ko urriaren 14an Loli, Matxalen, Mari Karmen, Lore, Gabriel, Juan Kruz, Marije,  Ani, Juan Luis, Mikel Garmendia, Pilare, Karmelo eta Garbiñe izan ginen  EUSPOZen 13. egun pasan. Garbiñe eta Karmelo lehen aldiz etorri ziren. Ondo etorriak!

12:00tan alkartu ginen Galdarapekon eta alkar agurtu eta mahaiaren inguruan jarri ondoren, gure alkarrizketa atseginari ekin geuntzan. Lagunartearen egitasmoari errepasoa emon ostean, toki izen batzuk aireratu ziren, haien jatorri posiblea aipatuz:

Kurubio Landa: guda biko landa.
Hiri Ortu ( Huertas de la Villa): Bilboko hiri ondoko ortuei aipamena eginez.
Ordoki Iturriaren jatorria: hor dok iturria.
Urruzulo: urre zilo.
Kimera?
Matxuratutako komunean ikusitako karteltxoa ere berbagai izan gendun: komun hau matxinatuta dago.

Bestalde gutako batek entzundako honek be zeresan ugari sortu eban:
- “Zein dok euskerarik  onena?”. – “Herriak egiten dauena”
Alaba nagusiak aitari esandakok eta honen erantzunak be izan eben berbabidea:
- “Aita, Unaik eta Ikerrek erderaz eiten deurie plazan”. – “Erderaz be nonon ikesi behako deurie”.
Lutxo Egiaren esperientzia interesgarria (Bilbon hilabetez euskeraz bizitzea) be komentatu genuen.

Honeek eta beste kontu ugari erabili genduzan bazkal aurretik, bazkaldu bitartean eta ondoren.
Ordu biak aldera hasi ginen bazkaltzen, Topa dagigun zutunik abestuz eta basuak eskuetan txin-txin eginez. Bazkaldu ondoren Pilarek topaketarako beren beregi prestatutako bertsoak eta Juan Luisek eroandako Imanolen Ilun ikarak abeste genduzan, eta baita gure liburuxkako beste pare bat abesti ere.


Azkenik hurrengo topaketako eguna adostu genuen: 2016ko zezeilaren (otsailaren) 10.
Ni bostak aldera irten nintzen baina beste batzuk oraindik han jarraitu eben tertulia goxoan.
Topaketari buruz lagunarteko biren mezuak jaso ditut eta hau dinoe:

Atzokoa lagunarte ederra…”
Atzo gustura ikusi nuen jendea, amaitu ondoren egindako komentarioen arabera”
"Egun borobila izan zen. Lehenago alde egin nuen, baina penatxuegaz"
Muxikan, 2015eko urriaren 10an


“EUSPOZ”

1) Uda pasatu eta
betikoan sartu,
nagikeriak utziz
zama denak hartu,
zoriontsu garela
gaitezen ohartu,
lagunarte ederra
inguruan gertu.

2) Kontakizun unean
hauxe da nirea,
Lutxo Egiak digu
indartu fedea,
froga egin nahi zuen
erdera gabea,
Bilbon euskara hutsez
bizitzeko aukera.

3) Froga garrantzitsua
ausardia behar,
ondorio ederrak
euskarari ekar,
ereduari atzetik
jarraitzea dakar,
Euspozen izenean
eskerrak iragar.

4) Bilboko jai ederrak
Santiago plazan,
Euskal giroa gozaz
euskaltzale gisan,
Euskal mundo txiki bat
Bertsoen gerizan,
Bilbo kantari-dantza
Euskaldunen trazan.




5) Tere gure laguna
OMAkoa sortzez,
Euskal amerikarrei
egitera oles,
aberkide ditugu
ezin ahaztu errez,
bertan bizitakoa
kontatu mesedez.

6) Euskararen bideak
bistan urtez-urte,
Jaurlaritza tarteko
aztertu dituzte,
irakurri ondoren
zer duzue uste?
papel kontuak baino
erabili fuerte.

7) EUSKERAZ BIZI nahirik
zabalduz ahoa,
denak eskertu gabe
hemendik ez noa,
eskerrik beroena
denongana doa,
ANIri bereziki
nire esker ona.

Pilare Baraiazarra






Ilun ikarak
Imanol
Ilun-ikarak azken argia
uxatu dizu urrutira,
zeru sabaian izar bakanak
itzal etzanei begira,
ilun-txintako sorgin-usaiak
espazioan dirdira. (bis)
Mendi-hegitan argi-oroitza
eguzkiaren keinua,
baso beltzean hosto firfira
gauezkoen erreinua,
itsasondoko tamarindotan
olatuen errainua (bis)
Itsas txoriak txio-txioka
harat-honata haizetan,
berde argien edertasuna
more motelduz uretan,
txalupa geldi kulunkarien
isladarekin hizketan. (bis)
Parke isileko banku txuria
ezpain beroen lankide,
antsi zaharrak zantzu berritan
bihotz gordinen senide,
tristura hegan paseatzen da
arratsaren solaskide. (bis)
Gau-ezkilaren oihartzun-hotsa
irristatzen da kolkoan,
zirrara mutu baten gisara
maitearen soinekoan,
bakardadea sekretuekin
korapilatzen den zokoan. (bis)
Itsas aireak gesalez dakar
murmuriozko solasa,
suspiriotan ezin jarioz
pena lurrinduen hatsa,
haize-boladak txikordatzen du
maiteminduen jolasa. (bis)



2015(e)ko ekainaren 7(a), igandea

BA...BAI-EUSPOZ - 2. egunpasa

Atzo, ekainak 6, BA…BAI eta EUSPOZ lagunarteak batera alkartu ginen; guztira 20: Jon Etxebarria, Juanita, Mikel Garmendia, Tere, Karmelo, Mari Karmen Goiriena, Marije, Jon Enbeita, Jose Agustin, Matxalen, Loli, Juan Kruz, Jon Gorriño, Mari Karmen Gainza, Maribi, Ani, Jose Luis, Josune, Mikel Arginarena eta Mari Jose.




12:00ak bueltan Auzokoako terrazan joan ginen batzen; han alkar agurtu eta  Itsas Mendi txakolin bikaina daztatuz kontu kontari ekin geuntsan ordu bete inguruan. Gero Gernikako plazatik egin gendun bueltatxo bat, hango hilaren lehen zapatuko merkatuaz gozatuz. Eta ordu biak inguruan hartu gendun Omarako bidea. Benetan paraje ederra Omako harana!!




Aldi baten auzo eskola izandako eraikineko txoko dotore eta txukunean izan gendun bazkaria: barazki krema, bakailoa (bizkaierara eta pil-pilean), eta postrerako gazta eta menbrillua. Hasteko zutunik eta errioxar ardoz betetako edalontziak eskuan topa egin gendun (Euskeraz bizi ta tinko / hango eta hemendiko / topa dagigun eta bakean / bizi gaitezen betiko) eta jarraian lasai lasai jarri eta jateari ekin geuntsan, umore onean eta lagunarte atseginean gure kontutxoak alkarri kontatuz.





Kafeak hartu ondoren, diru kontuak egin eta hurrengo topaketen datak ipini genduzan: EUSPOZekoak urriaren 7an eta BA…BAIkoek urriaren 17an. Gero kantuari ekin geuntsan: Pilarek bialdutako bertsoak, Jon Enbeitaren abestiak eta gure liburuxkako beste batzuk. Amaieran Jonek bere azken CDaren ale bat zozketatu euskun.




5ak aldera inguruko paraje ederra eta hango etxe dotoreak ikustera urten ginen, Tereren azalpen interesgarriek eta gure arteko berbaro gozoak hango ixiltasunari bizia emoten eutsela. Inguru baketsua da benetan be ha, baina ez abandonatua eta bertan behera itxia, ondo eta gustu handiz zainduta eta txukun dagoz hango inguruak eta.






Azkenik 7:30 inguruan emon geuntsan amaiera gure egunpasa zukutsuari, musu eta besarkaden artean alkarri zorterik onena opatuz eta hurrengoan barriro alkartzeko gogoz.

Jose Luis argazkiak
2015eko ekainaren 7an

BERTSOAK

Pilare Baraiazarra

1) Euskaltzale lagunok
agur bero bana,
pozik etorri gara
bagenuen afana,
harremanen giroa
bakoitzak darama,
elkarren inguruan
pena denak sana,
euskaraz mintzatuaz
gozatuz ahal dana.

2) Oroitzapen ederra
kantu eta kontu,
talde honek badu ta
dohain eta gustu,
euskalgintza bideak
markatu ta orraztu
Euskara maite eta
Aberria  marraztu
Independientziak gu
askatu eta  poztu.

3) EUSKARAz  BIZI nahirik
sortu zenbait talde,
herri zein hirietan
koka aldez alde,
edadeko askotxo
gazteriak alde,
erderaz aritzeak
euskarari  kalte,
españolak al dira
egiten dut galde.

4) Trasmisioz gugana
Iritsi da  altxorra,
Ondorengoei  berdin
guk egin beharra,  
Hizkuntza ederra da
egin barra-barra,
nortasun kontua da
aberri giharra,
gure-geurea data
bitxi eta zaharra.

5) Mahaiaren inguruan
ederra giroa,
ANIk gidatu eta
berotu gogoa,
bidea erraztuta
taldea badoa,
topa egin dezagun
gozatu tragoa,
berriro elkartzeko
bada motiboa.


ABESTIAK 

Jon Enbeita

ASKATASUNA, BAKEA  

       Askatasuna omen da

gizakion bereizgarri
Portaerak ikusita
ezin da asko igarri
Diru eta botereak
bihurtu dute lokarri,
geurea nahiko ez eta
inorenaren egarri
Segurtasun aitzakian
gero hesiak ezarri
Loturak ezin lezake
askatasunik ekarri
Askatasunak behar du
errespetoa oinarri
Norbera norbere jaube
norbanako zein aberri

 Arazoa konpontzeko
bakea omen da giltza
Bakerik ez den artean
ezin omen gara mintza
Bakearen aitzakian
ukatzen badugu hitza,
iruzurrezko bake bat
arma bihurtzen gabiltza
Bakea ondorio da
bakea ez da premisa
Bakea landu behar da
bakea ez da baldintza
Bakea da justizi ta
maitasunaren emaitza
Sustrairik sartu ezean
ez da loretzen  zuhaitza


AMETSAK BIZI GAITU                      


Ametsak amets omen ditugu.
Ezin da bizi euren gatigu.”
Kondairan zehar “ilustratuak”
hala mintzatu zaizkigu.

Benetakotik ametserako

marra non den al dakigu?
Zer kalte egiten digu?
Zerbait amesten dugun artean
ilusioa darigu

Usteak haina ezuste dantzan 
ilusioen merkatu plazan.
Kontuan hartu zer jartzen dugun
erosketako balantzan.
Egunen baten, gure ametsak,      
landare berrien gisan,
egi bihurtu daitezan,
amesten dugun egia bera
ez bedi ametsa izan.

Ametsa, gazte, ez da bekatu,
eta ez gorde edo lotsatu,
berak ez zaitzan, lagundu orde,
bakardadera bultzatu.
Aire garbiaz kutsatu dadin,
barne itxitik askatu,
bihotz hurkoan pausatu;
bik konpartitzen duten ametsak
mundu bat balio baitu.

Gizatasuna dugu biluzik.
Norgehiagokak ez du bihotzik.
Pausurik ezin aurrera eman
beste bat zapaldu ezik.
Mundu berri bat maite duenak,
aurkituko badu pozik,
ezin du ito ametsik.
Ametsa ez da ihes laguna
bidaia laguna baizik
Aseen lepo eta  buskentzak,
goseen azal eta saihetsak...
Egile jaunak ez ditu josi
behar bezala zumetzak.
Baiezkorako grina sor dezan
eguneroko ezetzak,
eraiki behar defentsak.
Amets ostean ez ezkutatu,
baina ez utzi ametsak

Nor da laguna? Nor da etsaia?
Nora dihoa mundu deslaia?
Nork ez du noizbait amestu izan
justiziaren garaia?
Biblian ere sortu ziguten
Josafat”eko zelaia,
egizko azken epaia;
lur berri baten ametsa baita
sinesmenaren sustraia

Beti borrokan, beti jo ta su,
alperrik ote hura, ni ta zu?
Ilargia jan badizu gauak,
izarrak sobran dituzu.
Dena utopi bihurtzen bada,
esperantza bera kasu,
jaiki beharra daukazu.
Utopia ez amets bihurtu,
baina amestu ezazu.

Baina aurpegi hori alaitu,
gauak ilargi gehiago baitu.
Ez dezazula egunsentia
laino beltzetan bahitu.
Nahi zenukena amestu eta
lortzeko lehian jarraitu,
horrek berpiztuko zaitu.
Bizitza, gazte, ez da ametsa,
baina ametsak bizi gaitu.


GUNTZURRI  ETA  SASI
     
Iraganeko sukalde bero
ohituren kabi epela
gaur hiru horma erdi jausiak
hotz eta hutsik sabela
Garai bateko teilatu orde
zerua dozu txapela

Lehen danak zeuri begira eta

gaur nork daki hor zarela ?

Sasiak ditu bideak itxi
zelaian pinuak jeiki

Oroitapenak bakardadean

itotzen doaz  emeki
Guntzurria da bakarrik zugaz
zeure minaren erruki
berari esker hormak dituzu
gaur arte zutunik euki


GUNTZURRI  ETA SASI
NAHI ETA EZIN BIZI
IRAGANAREN BIHOTZ
BAKARDADEAN HILOTZ


Agur goizeko kukurrukuak
haur jolas eta zantzoak
behien morrosak, txakur ausiak,
aida”, “arre” eta “iso”-ak
ebakitako bedar usaina
tximiniko ke lausoak...
Zeugaz batera irentsi ditu
zeurea zendun basoak
  
GUNTZURRI ETA SASI........



ENE HERRIA, ZEURI                                    
(Atzerrian bizi diranai eskainia)

Ene Herria, zeuri
naukazu kantari
oroimenen artean
Bihotzaren sari
malkoak dantzari
bi begien atean

Arimak iragan
gura leukez  hegan
         mendi ta itsasoa
ta dastatu zeugan
antxinako eran
         kabiaren gozoa
Egun ilun baten
bideratu ginen
itzultzeko asmotan
baina bizitzaren
kateak nabarmen
lotzen gaitu askotan

                            nahiz ta zor dautsagun
                            izatea lagun
                                      herbesteko lurrari
                            bihotzak hain urrun
                            zu gabe ezin iraun
                                      gure ama Euskadi

Agur
asaben herria
beti berria
Agur
lur sakratua
askapen kantua

Zugan
gura geunke atseden
   amesen berora
   munduko denbora
amaitu baino lehen


AI, AI, DIRUA

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

Dirua behar geunke jarri aldaretan
santuen ordezkari, euren lekuetan
ez bait dau inork eiten zeru ez lurretan
harek haina mirari gure egunetan

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

Mutuak deitzen deutso, itsuak ikusten
esku bakoak dabiltz bera harrapatzen
Hamaika debotok, diruaren truke,
Jainko ta zerua salduko lituzke

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

Prakak galduteak nori ardurako
mila pezetako bat azpian baleuko
Kakak egingo baleu diru edo urria
zulorik barik geunke pobreok ipurdia

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

DIRUA EZKERO UGARI...
ZURI BEGIRA EZ NAGO NI

HOTZAK JO DAU AZAROAN 

(Aita Balendinen heriotzean egindakoak)

Maiatzak jantzi eban lorea

hotzak jo dau Azaroan
Aberri honen malkoa ez da
lehortuko luzaroan
Iraupenaren txori kantari
zigor garratzen aroan
Izarrak ere negarrez ditu
egunsentiko garoan
ikusiz zelan heriotzeak
erruki barik daroan.

Bake egarria, Egi gosea
eta Maitasuna gori,
gizon batengan eztitu eta
zeu zindugun gizon hori.
Etsaien esku igaro arren
mila neke ta histori,
barkatzeko prest, lanean tinko,
askatasunaren txori,
Bihotz haundien irakatsia
emon deuskuzu danori.

Baina auzian bazan euskara
edo euskaldun lurmena,
borrokarako izango zinan
gudarietan aurrena.
Ezetza ez zan inoz entzungo
zure ahotik urtena.
Abertzaleok egin ezkero
bakotxak zure laurdena,
laster litzake, barriz, geuretzat
aske asaben lur dena

Bihotza goruntz ihesi guran,
begiak malkotan guri,
ilargiaren argi leunera
begira gaituzu zeuri
Hainbeste izar hori artean
bada bat garbi ta zuri.
Beheko artzaina bihurtu zara
izarretako axuri.
Herri honengan zendun fedea
arren gugana isuri.